XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Literatur elkarrizketaren teknika eta praktika da, hain zuzen, gai honetan ikertzeko hartu dugun helburua.

Hasiera-hasieratik esan behar dugu elkarrizketa (mota guztiez ari gara), genero modura, oso zaila dela eta, gainera, gutxi ikertua.

Elkarrizketak kazetariaren maila ematen du, bertan garbi asko antzemango baita elkarrizketatzaileak duen kazetari-sena, bere hizkuntza-maila eta sormenerako duen gaitasuna.

Urte asko igaro dira komunikazio-zientzien fakultateak abian jarri zirenetik.

Tarte horretan ez da elkarrizketaren inguruan teoria sendorik mamitu (Frattini, Quesada, 1994:232).

Azken urteotan kazetaritza-generoen inguruan somatu den krisiak izango du ziur aski zerikusirik auzi horrekin 1. Liburu honetan behin baino gehiagotan aipatu dugun kontua da hori, generoen krisiarena, hain zuzen ere. Krisi horren iturria generoen artean somatzen den hibridazioa edo nahasmena da; hau da, uneon ez dagoela kazetaritza-genero aratzik. Une honetan ez dago albiste, kronika edo erreportaia pururik. Hartzaileak, ordea, ez du gaizki hartu mestizaje hori, ez baitu nahasmen hori anabasa modura ulertu, bizi garai nahasien ondorio legez baizik..

Hibridazioa eta mestizajea nagusi diren uneon, elkarrizketak protagonismo handia hartu du.

Elkarrizketa ez da orain erreportaiaren beste modalitate gisa ikusten (garai batean gertatu zen moduan), teknika profesional, autonomo eta espezializatu legez baizik.

Zergatik da hain zaila elkarrizketa on bat egitea?

Bada, bertan, elkarrizketatzaileak gauza asko batera egin behar dituelako, hala nola, elkarrizketatuari entzun, behatu, ulertu, galderak egin, oroitu, solasaldia bideratu...

Harrigarria bada ere, zeregin horietarako eskuliburuak ez daude soberan.

Haatik, kazetariaren heziketak elkarrizketatzaile ona izatea exijitzen du.

Zaila du bestela aparteko luzimendurik lortzea kazetagintzaren munduan.

Izan ere, Montse Quesada irakasleak dioenari kasu eginez (1994:304), literatur elkarrizketa sormen artistikoaren emaitza dugu.

Berriemaileak, lehendabizi, elkarrizketatuarekin izango du harremana.

Solasaldi horretan izan diren galderak eta erantzunak, bizi izan den giroa, elkarrizketatuak egin dituen keinuak, gaiarekiko erakutsi duen jarrera... hori guztia islatu behar du kazetariak bere produktuan.

Personaiak esan duenaz gain, nola esan duen, zergatik, zein testuingurutan, e a. agertu behar du kazetariak bere elkarrizketan.

Hori guztia elkarrizketatzailearen ikuspuntutik aztertua eta islatua.

Azken batean, kazetariak sortzailea dela erakutsi eta frogatu behar du.

Lan horretan gauza dezente uztartu behar dira.

Batetik. elkarrizketatuak emandako erantzunak.

Bestetik, solasaldiak berak kazetariari sortarazi dizkion inpresioak eta kazetariak antzeman duen giroa.

Orain arte. prentsa izan da horrelako elkarrizketentzat tokirik ohikoena.

Euskarazko kazetagintzan ere badugu horrelako aurrekaririk.

Oh! Euzkadi aldizkari ikonoklasta fresko hura ekarri behar dugu hona gogora, berriz ere.

Izan ere, 1980-83 urtealdian plazaratu zen hilabetekarian, ia-ia ale guztietan argitaratu baitzen genero honen barruan koka genezakeen elkarrizketaren bat.

Elkarrizketatuak euskal literaturan nabarmendu diren erlijiosoak izan ziren.

Elkarrizketatzaileak anonimoak ziren, egiletza kolektiboa gauzatzen baitzen aldizkari hartan.

Dena den, gogora dezagun Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria eta Ramon Etxezarreta, besteak beste, ibili zirela aldizkari haren inguruan.